XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakatsi ere digute, Mani Kuri ta Tiberi Korunkani elkarren eta lenagokoen adiskide aundiak zirala.

Ezin dugu susmatu ere, aietako batek uste onaren, ziñaren naiz erriaren kaltekorik adiskideari eskatu izatea.

Orrelako gizonez ari gerala, esan bearrik ere ez baitago, eskatzekotan ere, ez zun lortuko, gizon zintzo-zintzoak izan baitziran eta ainbateko gaizkia da alakorik eskatzea ta eskatua egitea.

Tiberi Grak'ek, ordea, Kai Karbo ta Kai Kato zitun bere ondoan; bere anai Kai, gaur orren sakerrea dana, oso gutxi ari zan ordun.

XII. 40.- Lege au, beraz, eman dezagun adiskidetasunari buruz; ez dezagun eskatu gauza lotsagarririk, ez dagigun ere ura eskatzen digutenean.

Zuribide lotsagarria ta onartu ez ditekena da, bai gaiñerako utsetan, bai erriaren aitzikoetan, adiskide baten alde ari izan gerala aitortzea.

Izan ere, Fani ta-Eskebola, erria zemaitzen duten, galbideak urrundik ikusi bear ditugun lekuan bizi gera.

Aita zarren oiturak okertu dira dagoneko beren leku ta ibilbidetik.

41.- Tiberi Grak'ek erregetu nai izan zun ala, obeki esateko, errege izan zan zenbait illabetez.

Erroma'ko erriak, iñoiz entzun ala ikusia ote zun orrelakorik? Tiberi Grak'en eriotz ostean ere, aren adiskide ta aldekoek yarraitu zioten.

Pubili Eskipi'ri egin dagiotena ezin esan dut negar gabe.

Karbo, al bezala, yasan dugu, Tiberi Grak'en zigorraldi berriagatik.

Ez dut iragarri nai Kai Grak'en tribunagotik uste dudana.

Gaitza geroago ta zabalagoa da; asi ezkero, ariñik, ondamendira doala.

Ba-dakusazute zein kalte aundia egin duten auteskundeetan, lenik, Gabini legeak eta, bi urte geroago, Kasi'renak. (1) Gabini-legeak, isilleko autarkia auteskundeetan agindu zun eta Kasi-legeak ebazleen erabakietan.

Iruditzen zait onezkero dakustala erria Agure-batzarretik alde egiñik, eta bearr-bearrenetako zerak lagunabarraren naikeriz erabakiak.

Gizon geiagok ikasiko baitute gaitza nola egin, ari nola buru egitea baizik.

42.- Zergatik ari naiz auetzaz? Iñor ere ez dalako orrelakoetan oldartzen gaizkiderik gabe.

Oarrerazi bear zaie, ba, zintzoai, alabearrean eta ez yakiñik, onelako; adiskidetasunetan erori ba'dira, uste ez dezaten, gaizki ari diran adiskideak alde bat uztera beartuak ez daudela; neke bat agindu bear da ere gaiztoentzat, eta ez txikiagoa yarrailleentzat, legauspenaren otsemaillentzat berentzat baiño.

Elade'n nor Temistokel baiño argiagorik? nor altsuagorik? Pertsitarren aurkako gudan buruzagi, Elade yaregin zun yoputasunetik; bekaizkeriz atzerriratuta, ez zun eraman, bear bezela, aberri eskergaiztokoaren bidegabekeria.

Gure baitan, Koriolan'ek ogei urte lenago egiña bera egin zun.

Ez zuten izan aberriaren aurkako lagunik eta orrela biek beren buruak il zituten.

43.- Orregatik, gaiztoen orrelako elkartasuna ez da adiskidetasunaren zuribideaz estaldu bear; aitzitik, oiñaze mota guzien bidez zigorrtu bearra da, iñork uste ez dezan, bere aberriari guda egiteraiño eltzen dan adiskideari yarraitzea zillegi dala.

Izan ere, gauzak doazan bidean, uste dut ori gertatuko dala egunen batean.

Ta ez dut axol gutxiago nire eriotz osteko aberriaren egoeraz, gaur egunekoaz baiño.

XII. 44.- Au izan dedilla, beraz, adiskidetasunaren lenbiziko legea: adiskideai gauza bidezkoak eskatu, ta adiskideengatik bidezkoak egin ditzagun; ez gauden ere aien arrenen begira; beti tukuz, ezmezean iñoiz ez; ausartu gaitean aolku ematera zabalki.

Aolku oneko adiskideek nausitasun aundiena izan dezatela ta ura darabiltela oarr-erazteko zabalki ez ezen, lazki ere bai, bearra ba'da, ta aien esana egin dedilla.

45.- Elade'n entzun dudanez, yakituntzat artuak ziran zenbait gizonek atsegin izan dute, nik uste, aburu nabarmenak agertzeaz (ez dago, ordea, aien kako-makoetatik iges dagikenik).

Batzuek, diotenez, adiskidetasun andiegietatik iges egin bear da bat batzuengatik kezkatsu ibilli bear ez dedin; bakoitzak, diote, ba-du asko ta geiegi ere bere azi-orraziakin; gogaikarria da iñorenetan geiegi sartzea; adiskidetasunaren ao-ugalak alik lasaien eukitzea da egokiena, nai duzunean aiek zureganatzeko ala askatzeko; ongi bizi izateko, naretasuna baita aurrena, ta gogoa ez diteke artaz gozatu baldin bat bakarrik kezkatan ba'dago batzuengatik.

46.- Beste batzu are ankerrkiago mintzatzen omen dira (arestian ukitu dut gai ori laburrki); uste dute adiskidetasunak babes eta laguntzagatik billatu bear dirala, ez onginai ta maitasarreagatik.

Orrela, nork sendotasun eta indar gutxiago izan eta adiskidetasuna naiago; ortatik dator emakumetxoek gizonek baiño geiago billatu bear dutela adiskidetasunaren magalpea, ezeukiek eukitsuak baiño areago, ta zorigaiztokoek zorionekoek baiñoago.

47.- Ori yakintza ederra! Adiskidetasuna bizitzatik kentzen dutenek eguzkia ortzetik kentzen dutela iruditzen zait; betiko yainkoek ez baitigute eman ezer oberik, ez atsegingarririk.

Zelako baretasuna da orrako ori? Irudiz, zoragarria izan liteke; egiz, ordea, ura zapuztu bear dugu askotan.

Ez, baita bidezkoa gauza naiz egipen zuzen bateri ez ekitea, edo ekin ezkero ura uztea, kezkari itzuritzeko.

Kezkatik iges ba'dagigu, onbidetik ere iges egin bear dugu, ta onek beraren aitziko gauzak gorrotatu ta narda egin bear ditu nekeren batekin; ontasunak gaiztakeria, garbitasunak lasaikeria ta kemenak koldarrkeria bezela.